XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Beraz, hil ala biziko jokoan ezin gehiagoraino sarturik gertatzen da, eta are, ahaleginetan nahi luke egoera hori gainditu frankoen eta bisigodoen erresumak, bakoitza bere aldetik, indartzen ari diren memento honetan, eta berdin geroago, arabeak erasotzen eta asturiar monarkia eraikitzen denean.

d) Bisigodoak eta Euskal Herria

Bisigodoek (Euskal Herria) errealitate bakartzat kontsideratu zuten eta berek izendatuko dute lehenik.

Baskonia deituraz gure lurralde hau batasun berean emanez.

Hala ere, euskaldun eta bisigodoen arteko harremanak desberdinak izango dira erromatar eta euskaldunen artekoekin konparatuz gero.

Zergatik? Lehenik, behar da barbaro deitu herrialdeen pentsamoldea ikusi.

Hara, konkista eskubidea esaten dena berekin zekarten germaniar herrialdeok eta baina bakezko harremanak eta bizimodu eroso bat lortzea proposatu bait zuten beti ere erromatarrek.

(Eta hori, erromatar gizartea esklabismoan finkaturik zegoela ikusirik, nahiz-eta, egia, euskaldunak ez-baina, kanpotik ekarriak izan esklabuak).

Bisigodoek, aitzitik, konkista eskubidean oinarritzen zuten propietatea, eta zentzu honekin jokatzen zuten lurralde bat okupatzean nahiz hango gizonetaz, esklabu harturik, jabetzen zirenean.

Hona bada hemen feudal sistema sartzearekin batera Europa guztian barna hedatuko den deretxoaren zentzu edo oinarria.

Bestalde, ez zuten bisigodoek inolako teknika aurrerapenik ekarri, baina bai erromatarrek ekarria desegin.

Beraz, begien bistan zegoen jokabide horren aurrean, laster hasten dira burrukarik gogorrenak bisigodo eta euskaldunen artean.

Burruka joko hau, esan gabe doa, ezinbesteko froga izan zela geure nortasunarentzat eta herri bezala geure askatasuna finkatzeko ere: garai honetako godo errege orok ET DOMUIT VASCONES esaldiarekin amaitzen zuen bere kronika.

Beraz, argiro dagoen gauza da, behin betikoz sekula ere ez zutela Euskal Herria menpera ahal izan.

Horretaz aparte, euskal independentzia frogatzeko lekukotasun gehiagorik ere bada: Elizaren historiako dokumentuak adibidez.

Hara, Toledoko kontziliotan penintsulako apezpiku denak aurkitzen dira, salbu Iruñeakoa.

Bi alditan bakarrik ikusiko ditugu han (589an eta 688an) eta aski arrunta da arrazoia: Iruñea bi aldiotan bisigodoek okupaturik aurkitzen zela.

e) Frankoak eta Euskal Herria

- Baskonia Dukerria (606-660).

Hara, 602 urtean euskaldunontzat ondorio gaitzak ekarri zituen ekintza bat burutzen dute frankoek: Akitania eta Baskonia bata bestearen gandik zatikatzea.

Ondoren, Genial izeneko Duke bat ezarri zuten euskaldunak gobernatzeko.

Horra eraiki Baskonia Dukerria esaten dena, baina frankoen zerbitzutan, jakina.

Dukegoa edo dukearen kargua franko nahiz bisigodoek erromatarren gandik jaso herentzia zen, zeren dukea beti ere muga hurbilean ziren lurraldeetako agintari izaten bait zen.

Halatan bada, erromatarren tradizioari jarraikiz, duke bat izendatzen dute frankoek mugakide bilakatu ziren Akitania eta Baskonia, nazio bion artean.

Gainera, dukea haien menpe egon zen artean, erregeri dagozkio gerla egiteko, justizia administratzeko eta goi mailako beste eskubide oro.

Baina Baskoniako Dukerria beregain izan zen artean (660-778 bitarte horretan) benetan soberano izan ziren dukeak, gerla egiteko, bakea sinatzeko edo justizia administratzeko.

Baskoinak Genial dukearen menpeko izan zirelarik (602-626 arte) ez denbora luzean, baina 621 urtean, Sisebuto hil zenean, baskoinak beren aldetik eraso eta sartu ziren Tarraconense probintzian barna, Suintilak buru eman zien arteraino.

San Isidorok dio, eraso honen ondotik, baskoinek beren mugak segurtatzera jo zuten eta godoen hiri Oligito (Olite) hornitzera, hauen inperio, agintea onartu eta hauek manatua kunplituko zutela hitzemanez.

Fronte bikoitza ukan zuen euskaldunen guduak frankoen aurka eta bisigodoen aurka, eta are konplikatuago bilakatzen zen arazoa bisigodo nahiz franko beren barne tirabirak bihurritzen zirenean.

Hala, Akitaniako Kariberto erregeak, Aigino (Genialen ondorengoa) duke militarra bitarteko, Baskonia konkistatuz bere lurraldeak hedatzeko asmoa hartu zuenean, harmada boteretsu bat Baskoniaren gainera bidali zuen.

Geroago, baita, bere anaia Dagobertok, Akitaniaz jabetu ondoan, Baskoniaren kontrako gerlari ekin zion.

Ez dakigu zer gertatu zen baskoinen lurraldean, baina zera da egia, Pirene mendikatea gainditurik, Zaragozarako bidean aurkitzen dugu.

Dena den, ez daiteke pentsa Baskonia menperatzera heldu zenik, zeren, izenez Aiginok gobernatzen bazuen ere, 635an erasotzen bait diote euskaldunek akitaniar erresumari.

Hegoaldetik, godoen menpean datza baskoinen lurralde laua, baina beti ere ia inoiz Gasteiz / Olite muga hori pasatzeke.

Ongi baliatuko dira baskoinak Froya-ren altxamenduaz; godoen erregegoa nahi zuen honek, eta honi lagunduz heltzen dira baskoinak harmaturik Zaragozaraino.